HitzKeta

HitzKeta 

Gaurkoan IKT ikasgaian online bidezko hitzaldi bat izan dugu Haur Hezkuntzako Graduko ikasle garen neurrian eta etorkizun batean irakasle izango garen horretan asko lagundu eta aberastu dakiguken alderdi baten inguruan: haurrentzako euskal abesti, olerki eta liburu bildumak. Hitzaldia Hitzketa web orrialdearen egileen eskutik izan zen. 

Web orrialdea hau, 2017-2018 ikasturtean hasitako proiektua da, eta Donostiako Irakasle Eskolan azken ikasturtea burutzen dabiltzan lau ikasleren eskolako lan batean du abiapuntua. Lan haren helburua, hain zuzen ere, interes komunak zituzten ikasleak bildu eta, interes horiek oinarri hartuta, teknologia berriak erabiliko zituen proiektu bat sortzea zen. Irakasle Eskolako ikasleak hezkuntzaren inguruko jakin-nahiak zituzten; baina, batez ere, euskararen eta, oro har, euskal kulturaren gaineko interes eta maitasunak batu zituen, ondoren HitzKeta izena hartu zuen taldeak. 


Beraz, haien lanaren funtsa zein izango zen, argi zegoen: euskara eta euskal kultura. Horiek irakaskuntzarekin eta teknologia berrien erabilerarekin nola lotu pentsatzea izango zen ikasleen hurrengo pausoa. Bada, horretarako, landu nahi zituzten arlo horiek guztiak aztertu eta horietan egon zitezkeen hutsuneak zeintzuk ziren antzemateari ekin zioten.


Azterketa haren ostean, eta graduko lau urteetan zein ikastetxeetan egindako Practicum-etan ikasi eta ikusitakoak ere kontuan izanda, gabezia nabarmen bat somatu zuten irakaskuntzan (txikienekin, batik bat) euskal kultura lantzeko baliabideei dagokienean. 

Hala ere, jakin badakigu kulturak esparru oso zabala hartzen duela bere gain. Hori horrela, eta arlo baten zentratze aldera, proiektua Haur Hezkuntza etapara eta musika eta literaturara bideratzea erabaki zuten, haurtzaroan eta Haur Hezkuntza etapako irakaskuntzan literaturak eta musikak duten garrantziaren jakitun. Esan bezala, beraz, haien lanak Haur Hezkuntzako etapan euskarazko literaturak eta musikak zituzten hutsuneak betetzea izango zuen xede.


Horrekin guztiarekin eta ideiak argi edukita, HitzKetako web-gunea sortu eta kalitatezko euskarazko literaturaren bilduma moduko bat osatu zuten. Era berean, bertan bildutako liburu, olerki eta abestiak erabili eta lantzeko zenbait proposamen didaktiko ere eskuragarri jarri zituzten. Halaber, haien ustez, garrantzitsua zen webgunea erabiliko zuen jendearekin hartu-emana izatea, eta, horregatik, erabiltzaileei ere beren proposamenak bidali eta bildumen osaketan parte hartzeko aukera eskaini zieten. 


Aurrez aipatu bezala, gainera, bai euskara, bai gaztelera erabili genituen orrialdean, euskaraz ez zekiten familiek ere hura erabiltzeko eta, beraz, beren seme-alabei, eskolatik kanpo ere, euskarazko baliabideak eskaintzeko aukera izan zezaten.






Comentarios